NAFARROAKO DANTZEN ATLASA, ORTZADAR elkarteak sustaturiko ekimen bat dugu. Helburuak anitzak dira eta bat datoz taldeak bere jatorritik izan dituenekin, hots, ikasketa, ikerketa eta kultura tradizionala nahiz folklorearen hedapena eta ezagutzarekin. Guretzako Herri kultura, herrien ondarea da eta gure lana herriari, Atlas honen bitartez, jasotako ezagutza, maiz galduta edo eta ahantzita, nolabait itzultzea da. Guzti hau kontutan izanik, webgune hau guztion artean eratu nahi dugu. Hortaz, interesaturik dagoen pertsona eta/edo erakunde ororen laguntza estimatzen da. Nor gara? Lan hau auzolanean aurrera eraman nahi dugun guztiok.
ORTZADAR Iruñean 1974an sortutako kultur elkartea da. Jatorritik euskal folklore eta kultura tradizionala ikastea, ikertzea eta zabaltzea da izan du helburu. Horretarako ikerketa lanak (landa lanak eta artxibo lanak), ikastaroak edota tailerrak, ikasketa jardunaldiak (Folklore Jardunaldiak), hitzaldiak, liburuak argitaratu eta abar antolatzen ditu. Zabalkundea dantza eta musika emanaldien bidez egiten du nagusiki, baita ikuskizunen sorkuntzaren bidez ere bai. Nafarroako Dantzaren Atlas hau helburu horien bat egitearen azkeneko adierazpena da.
Ondare Inmaterialari buruzko Folklore Jardunaldiak (Ortzadar, 2002) izan ziren kontzeptu berri honekin lehen kontaktua eta 2008an dagoeneko gaur begien aurrean duzun proiektuan lanean ari ginen: "Nafarroako Dantza Tradizionalaren Atlasa". Atlasa proiektu handinahiago baten parte da, "Nafarroako Dantza Tradizionalaren Behatokia" deiturikoa. Bere helburu nagusia agerpen koreografikoen aldizkako monitorizazioa da, haien bilakaera eta kontserbatzeko arazoak erregistratu eta identifikatzeko.
Atlasaren helburuak honako hauek dira:
Inbentario bat sortzea eta agerpen koreografikoak identifikatzea.
Horretarako ikerketa bibliografiko eta dokumental zabala egin da, eta egiten jarraituko da.
Dantza tradizionalaren azterketa eta hedapena.
Atlasak gune erabilgarria izan nahi du, bai dantzaren ikertzaileentzat eta zehazki irakaskuntzan aritzen direnentzat, bai arrazoi ezberdinengatik bertaratu daitekeen publiko orokorrarentzat.
Elkarlanerako eta parte-hartzerako gune bat sortzea.
Ortzadarrek proiektu ireki gisa jartzen du abian Atlas hau, dantzaren munduarekin lotura duten beste eragile sozial batzuk (partikularrak, taldeak edo erakundeak) batu daitezen, haien ekarpenik gabe ezinezkoa izango baita dokumentazio-zentro garrantzitsu hau sortu eta mantentzea. Nafarroako Unibertsitate Publikoan kokatutako Nafarroako Ondare Inmaterialaren Artxiboarekin izandako lankidetza lankidetza-borondate horren erakusgarri da, baita biziraupenaren eta potentzialtasunaren berme ere.